XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gainbehera etorria, ahantzia, Jangoikoek zein behekoek ere abandonatua. Agonia.

Atzean geratu ziren bainuetxea gorenean zegoeneko sasoi oparoak; atzean lorategi txukun maitekiro zainduak, bidezidor garbi kiribilak, zilarrezko urmahel osasuntsutan elkarri basamailukiak eskeintzen zizkioten kategoriako bisitari dotoreak.

Doluminez, soilik zuhaiska okerrek, putzu zikinek, mazusta sasi, gardalatz eta beste belar ziztrinen batzuk zirauten gaubelan balneario ohiaren hezurdurari konpainia egiten, era orotako plastiko pusketa eta hondakinekin batera.

Zerubide zeritzon bainuetxea biltzen zuen parke hari.

Zerubide, tximinia garaien kepean ikazitako ondoko auzuneari.

Zerubide, halaber, Burdinezko Hiri Herdoilduaren mapan 1250-Hegoalde/670-Ekialde kuadrangelu periferikoari; eta hantxe ibili ohi zen Neskato Isila, noiz bazterrak miatzen, noiz laranja sare gorria makilari lotuta euliak eta liztorrak harrapatzen.

Izatekotan, horiexek baitziren ugari eta nonahi Zerubideko parkean: intsektuak.

Harrapatu ondoren, hegoak ebakitzen zizkien eta kristalezko estalkidun ontzi batean sartu, ze ebaki ez balizkie, ez baitziren bereak izango.

Herioren garaia baino, garai baten heriotza iragarri zuen luma zorrotzenak hiriko aldizkari irakurrienean, eta gaineko argazkian, Chaibi Ahmed islamiar gudari gaztearen hilotzak zipristindu egiten zuen ia-ia idazkia, sei balazulotan behera zerion odol isuriaz.